XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Koazerbatu artifizialen eta protoplasmaren arteko antz hau ez da azalekoa bakarrik.

Azken urte hauetan burututako lanek frogatu duten legez, protoplasma egoera koazerbatikoan aurkitzen da egiazki.

Protoplasmaren egitura, noski, koazerbatu artifizialena baino paregabeki konplexuagoa da, zeren beste arrazoi batzuren artean protoplasman ez bait dira aipatu adibidearen antzera bi substantzia koloidal aurkitzen; askoz gehiago baizik.

Hala ere, protoplasmaren zenbait ezaugarri fisiko eta kimiko (hala nola, bakuoloak eratzeko gaitasuna, inhibizioa, etab.) koazerbatuak aztertzen badira bakarrik uler daitezke.

Koazerbatuen berezitasun interesgarri bat, bere kontsistentzia likidoa izan arren nolabaiteko egitura izatea da.

Hauek osatzen dituzten molekulak eta partikula koloidalak ez dira haietan azarean barreiatuta aurkitzen; beren artean forma espazial mugatu batean antolatuta baizik.

Zenbait koazerbatutan, hauek mikroskopioz aztertzen direnean, zenbait egitura ere ikus daitezke, baina oso ezegonkorrak eta partikula horien kokapena mugatu duten indarrek bezainbat bakarrik irauten dute.

Aldaketa txikiek, koazerbatua dena molekula soltetan ingurunean disolbatuz desintegraraz dezakete.

Ostera, kasu batzuetan koazerbatua trinkoagotu egiten da, bere barne-biskositatea emendatu egiten da eta gelatina-itxura hartzeraino iritsi daiteke.

Kasu horietan, egitura konplikatu eta egonkortu egiten da.

Koazerbatuek jasaten dituzten alterazioak kanpo-baldintzen aldaketen ondorioz edota barne-eraldaketa kimikoen eraginez gerta daitezke.

Beraz, koazerbatuek materiaren antolamenduaren nolabaiteko hastapen-forma eskaintzen digutela ikusten dugu, nahiz eta antolamendu hau oraindik oso primitiboa eta erabat ezegonkorra izan.

Hala ere antolamendu horrek koazerbatuen ezaugarri anitz mugatzen ditu jadanik.

Hauetan, disoluzioan aurkitzen diren substantzia desberdinak zurgatzeko gaitasuna nabarmentzen da batez ere.

Ezaugarri hau oso erraz froga daiteke koazerbatuak inguratzen dituen likidoari koloratzaile desberdinak eransten badizkiogu...